Aurkezpena
2010ean Arartekoak familiei arreta emateko lan arlo berria sortzea erabaki zuen. Hala, erabaki horrek oinarri izan zuen pertsonen eskubideak bermatzea xede duen erakunde batek eman beharreko arreta bereziko subjektu sozialtzat jo behar dela familia.
Familia indibiduoak hezteko eta guztiz garatzeko euskarri materiala eta afektiboa da, afektuari eta elkartasunari lotutako lehenengo harremanetarako lekua, baita zaintzaren bizipenetarako ere eta, besteak beste, prestatutako pertsonak gure sistema sozioekonomikoan txerta daitezen bermatzen du haien laneratzearen eta partaidetzaren bitartez interes orokorrari lagunduz.
Horrez gain, garrantzitsua da azpimarratzea ez dagoela adingabeen, adinekoen eta gaixotasuna edo mendetasunagatik premia bereziak dituzten pertsonen zaintza eta arreta bezalako zereginak burutzean familien egitekoa ordezka dezakeen erakunde publikorik. Horregatik guztiagatik, familiei arreta ematea estatuarentzako funtsezko estrategia publikoa eta beharrezkoa izan behar da.
Halaber, familiei arreta emateko politiken irismena aztertzeak pertsonen eskubideak babestean ikuspegi unibertsalista hartzea dakar, guztiok izan baikara, baikara edo izango baikara familia baten zati (modu batean edo bestean). Beraz, familiak babesteak esan nahi du herritar guztiak babestu behar direla. Orduan, familia-ereduek botere publiko guztien babes berezia behar dute.
Historikoki, familiei laguntza emateko neurri publikoen multzoa hainbat administraziotan eta zenbait ikuspegi edo abordatzerekin osatu da eta, ondorioz, egungo neurriak oso zabalduta daude. Hori horrela izateak esparru kontzeptualean eta juridiko eta politikoan zehaztugabetasun handia eragin du familiei laguntza emateko politika publikoak artikulatzerakoan.
Egun EAEn familiei laguntza emateko azaroaren 12ko 13/2008 Legea eta Erakunde arteko III. Plana ditugu. Hala ere, Arartekoaren ustez, esparru hori gehiago garatu behar da. Horrez gain, egia da tarte handia dagoela EAEko familien babeserako politiken eta gure inguruko Europako herrialdeetan sustatu diren politika aurreratuago eta babesleagoen artean.
Horregatik guztiagatik eta familiei laguntzeko politika publiko horiek bultzatu eta indartzeko asmoz, alor honetako politika publikoen egoera, baita euskal familien premiak eta eskaerak ere, argitu nahi dituen txostena egin dugu. Eduki hori azaletik hauxe da:
Txosten honen lehenengo kapituluak “familia” nozioaren hurbilketa kontzeptualaren gaia jorratu du, aztertutako alderdien esparru teoriko eta testuinguru gisa. Hala, EAEn dauden familia-ereduak txertatzen dituen ikuspegia lortu da, zenbait teoria–, arau– eta estatistika-ikuspegi oinarri hartuta kokatuta daudenak, eta horrek laguntza publikoa zein subjektuk gain hartuko duten xedatzen lagunduko digu.
2. kapituluan txostenak familia-ereduen bilakaeran eragina duten eta ezaugarri zehatz horiek dituzten faktore nagusien gaineko azterketa jaso du eta, hala, familien egungo egoerari buruzko diagnosia agerian jar dezakegu. Puntu hori funtsezkoa izango da familia-ereduen testuinguru sozioekonomikoak eta konfigurazioak elkarri nola eragiten dioten deskribatzeko. Halaber, azterketa horrek aukera emango digu aldaketa horiek eragiten ari diren etorkizuneko erronka nagusiak identifikatzeko.
Kontu horietan sakonduz, ezinbestekoa da familien arloko erregulazio juridikoaren azterlana egitea. Familiei laguntza ematea xede duen politika bat konfiguratzeko elementu juridiko nabarmenen azalpena bildu du 3. kapituluak. Azterlan horrek aukera emango digu familiaren arloko esku-hartze publikorako esparru juridiko nahikoa ote dagoen antzemateko eta esparru hori Europako arauzko joerekin alderatzeko oinarriak xedatuko ditu (hori luze eta zabal jorratuko da 5. kapituluan).
Txostenaren 4. kapituluan jaso eta aztertu dira EAEko familiei laguntza emateko politika publikoak, aipatu esparru juridikoaren ondotik sortutako neurri publikoen konfigurazioa esploratuz. Horretarako bi ikuspegi hartu dira aintzat: alde batetik, familia-politika zuzenak definituko dira, tradizionalki halakotzat jotakoak, eta, bestetik, sektore-politikak edo familiengan eragin handiko politikak.
5. kapituluak Europako hainbat herrialdetan familiei laguntzeko politika publikoei buruzko azterketa eta familia-politikaren gaineko lehentasunak jorratu ditu, aztertutako Europako sistema bakoitzaren xedeak lortzeko laguntza nola artikulatzen den kontuan hartuta eta familia-erakundeari laguntza publikoa emateko euskal sistemarekin konparazio bat eginez. Hala, EAE Europako testuinguruan koka dezakegu, bai familia-ikuspegiaren osotasunean bai osatzen duten dimentsio eta talde bakoitzean.
Gauzak horrela, ondorio-kapitulu bat aurkeztu ahal izango dugu, familiei laguntzeko euskal sistemaren balorazioa eginez, aipatu balorazioaren ezaugarri esanguratsuenak identifikatuz, hala konfiguratzeko arrazoiak esploratuz eta EAEn familiei laguntzeko politika publikoek aurre egin beharreko zenbait erronka identifikatuz.
Azkenik, txosten honek Arartekoaren gomendioen atal bat barne hartuko du, zenbait esparrutan –hala nola, legeria, erakunde antolamendua, gastu publikoa, lanbidea eta familiako bizitza eta pertsonala bateratzeko politika espezifikoak– familiei laguntza emateko politikei lotuta gaika antolatuta daudenak eta, azkenik, familietan eragin handia duten esparrutzat jotakoei lotutako gomendio batzuk.
Aurkezpen honekin amaitzeko, nahitaezkoa da txosten hau egiten parte hartu duten eragile piloa aipatzea. Horregatik, agirian zehar haien partaidetza jaso bada ere eta haien ekarpenak ikus badaitezke ere, Arartekotik eskerrak eman nahi dizkiegu txostenaren idazketa bideratzen lagundu duten pertsona, gizarte-erakunde, instituzio eta herri-administrazio guztiei eta, bereziki, Ado2 taldeari, oinarrizko txostenaren idazleari.
Iñigo Lamarca Iturbe
ARARTEKOA
2014ko apirila